XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Studsy Burkeren Pigiron Club izeneko batean - esan nion, eta helbidea eman.

Morelli ere handik dabil.

Julia Wolfen benetazko izena Nancy Kane dela esaten du, eta nobio bat duela Ohion giltzapean, Face Peppler izeneko bat.

- Bai?- tonuarengatik konturatu nintzen bazekiela Peppler eta Juliaren iraganaren berri.

Eta besterik jakin al duzu zure ibilaldi horietan?.

- Nire lagun batek, Larry Crowley, prentsa agentea da, Jorgensen ikusi zuen atzo arratsaldean, Seigarreneko bahitura-etxe batetik ateratzen, Berrogeitaseitik bertan.

- Bai?.

- Ez dirudi nire berriek eragin handirik egiten dizutenik.

Nik....

Mimik atea ireki zuen eta sartu, erratilu batean basoak, whiskya eta ur minerala zekartzala.

- Gustora hartuko zenuketela kopa bat bururatu zait.

Eskerrak eman genizkion.

Erratilua mahaian utzi eta esan zuen: - Ez nuen enbarazorik egin nahi - irribarre egin zuen gizonezkoak elkartzen direnean emakumezkoek egin ohi duten bezala, eramankortasun atseginez, eta joan egin zen.

- Zerbait esaten ari zinen - gogorarazi zidan Guildek.

- Ba, zera, uste baduzue ez naizela txukun jokatzen ari, esan egin beharko zenuketela.

Orain arte elkarrekin ibili gara eta ez nuke nahi....

- Ez, ez - esan zuen bizkor Guildek.

Ez dago horrelakorik, Charles jauna - aurpegia piska bat gorritu zitzaion.

Komisarioa atzetik ibili zaigu mugi gaitezen eta nik ere besteak bultzatuko nituen seguraski.

Bigarren hilketa honek zaildu egin dizkigu gauzak - mahaiko erratilura hurbildu zen.

Nola hartuko duzu zuk?.